Crowdfunding Bizkaia plataformak, Seed Capital Bizkaia sozietatearen bitartez, EPSAren (Europako Sektore Publikoaren Sariak, EPSA, ingelesez) Best Practices ziurtagiria jaso du berriki. Horrela, EPSA 2019k Seed Capital Bizkaia saritu du, lurraldean hazkunde adimentsua, jasangarria eta inklusiboa lortzeko finantziazio-tresna berritzaileen bidez inpaktu soziala sortzeagatik.
Bere seigarren ediziora heldu den bi urtetan behin ospatzen den lehiaketa garrantzitsu honek, sektore publikoko bikaintasuna nabarmentzea du helburu. Horretarako, Europako beste erakunde batzuek erabili ditzaketen konponbide berritzaileak zabaltzeko aukera ematen duten kasu eredugarriak aurkituz. Kasu honetan, Seed Capital Bizkaiaren Crowdfunding Bizkaia proiektua administrazio publikoak asmatutako eta oraingo erronka handiei erantzuteko pentsatutako irtenbide sortzailetzat hartu da.
Best Practices kasuak hautatzeko irizpideak hurrengoak dira:
- Berrikuntza eskaini.
- Akziodunen eginkizuna.
- Abian jarritako ekintzen garrantzia.
- Eragina eta emaitzak.
- Jasangarritasuna.
- Beste erakundeen beharretara egokitzeko gaitasuna.
Ekonomia-garapenerako tresna bat Bizkaian
Seed Capital Bizkaia Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailera atxikita dagoen foru-baltzua da, Bizkaiko Lurralde Historikoko ekonomia garatzeko eta enpresa-ehuna biziberritzeko tresna izateko helburua duelarik.
Hori lortzeko, abian jartzeko fasean dauden enpresa-proiektu berritzaileak finantzatzeko hainbat tresnarekin egiten du lan, hala nola, enpresen kapitalean aldi baterako parte hartuz arrisku-kapitaleko inbertsio-funtsen bidez.
Beste administrazio publiko batzuentzako eredu bat
Gaur egun, herritarrek diziplina anitzeko gertutasuna eskatzen duten behar eta eskaera ugari dituzte. Hori dela eta, EPSAren 2019. edizioaren gai nagusia erronka konplexuei eta dimentsio anitzekoei irtenbide berriak ematea izan da. Helburua: herritartasunean oinarritutako sektore publikoa, jasangarria eta etorkizunerako prestatua.
Aditu, inpartzial eta independenteak diren pertsonek osatutako talde batek Europako 14 herrialdetako 40 proiektu aukeratu ditu aurten Best Practices ziurtagiria emateko. Urteetan zehar, EPSAk orain Crowdfunding Bizkaiak osatuko duen 1.200 kasutako datu-base aberatsa sortu du. Datu-base hori Europako administrazio publiko guztien eskura dago, ikasteko eta irtenbide berritzaileak aurkitzeko aukera handia dutelarik.