Inbertsiorako pizgarri fiskalak pertsona fisikoentzat

Inbertsiorako pizgarri fiskalak pertsona fisikoentzat

Crowdfunding Bizkaian kudeatzen eta bultzatzen ditugun proiektuetan inbertitzeak hainbat onura ditu interesatuentzat. Onura horiek, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako plataforma baten bermeekin (legeari, segurtasunari, pribatutasunari… dagozkionak) proiektuen partaidetzak eskuratzeko aukeratik, lurraldeko enpresa, gizarte eta ekonomia ekosisteman parte hartzeko aukerara doaz.

Horrez gain, inbertsio horiek, zerga arauek aurreikusitako zenbait pizgarri fiskal dituzte. Ondoren, pertsona fisiko inbertitzaileengan beren-beregi aplikatzen direnak aztertuko ditugu.

Zeintzuk dira pizgarri horiek?

Pertsona fisiko gisa, Crowdfunding Bizkaian egindako inbertsioarekin, Pertsona Fisikoen Errentaren Zergan (PFEZ) aplikatutako kenkariak lortzen dira. Dena den, gure inbertsio plataforma erabiltzean, kenkari horiek aldatu egin daitezke inbertitzailea zergadun gisa alta emanda dagoen lurraldeko administrazioaren arautegiaren arabera. Bereizketak egiten ditugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lurralde Komuna eta Nafarroa artean.

Pizgarri bakoitza zertan datzan azaltzean, zein lurraldetan duen eragina ere aipatuko dugu.

Kenkaria mikroenpresetan eta duela denbora gutxi sortu diren edo berritzaileak diren enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzeagatik

Araban eta Bizkaian aplikatzen den pizgarri horren arabera, %10eko kenkaria lor dezakezu enpresa berrietan edo duela denbora gutxi eratutakoetan inbertitzeagatik, eta %20koa enpresa txikietan eta ETE berritzaileetan inbertitzeagatik.

Lehenengo balizkoan, kenkariaren gehieneko oinarria 100.000 eurokoa izango da, eta enpresak bost urte izan beharko ditu, gehienez; bigarrenean, 150.000 euro, eta zazpi urte gehienez. Urtebetean, zergaren oinarri likidagarriaren %15era arteko kenkaria egin daiteke. Hortik aurrera, baldintza bakarra, inbertitzaileak bere inbertsioari gutxienez bost urtez eustea da.

Kenkaria enpresa berrietan edo duela denbora gutxi sortu direnetan inbertitzeagatik

Kenkari horrek eragina du Gipuzkoan eta Lurralde Komunean. Lehenengo lurraldean %20ko beherapena dakar, eta bigarrenean %30ekoa. Kenkariaren gehieneko oinarria urtean  50.000 eta 60.000 eurokoa izango da, hurrenez hurren, eta lehenengo kasuan, urtean izandako kenkariak ezin izango du oinarri likidagarriaren %10 gainditu.

Horrez gain, enpresek, lehenengo kasuan, gehienez ere bost urte izan beharko dituzte, eta bigarren kasuan, hiru. Bi kasuetan beharrezkoa da inbertsioari hiru eta hamabi urtez eustea.

Kenkaria hazteko potentzial handia duten erakundeak finantzatzeagatik

Soilik Bizkaian aplikatzen den azken kasu horretan, %30eko kenkaria lortuko da berritzailetzat hartzen den erakunde batean inbertituz gero, eta %15ekoa hazkunde prozesuan dagoela ulertzen bada. Enpresa onuradunak bost urte izan beharko ditu gehienez.

Balizko baterako eta besterako, kenkarirako gehieneko oinarria urteko 1.000.000 eurokoa da; eta kenkarian jasoko den urteko kantitatearen muga kuota osoaren %30etik beherakoa izan beharko da. Kasu horretan, inbertsioari gutxienez bost urtez eutsi beharko zaio.

Horrelako pizgarri fiskalei esker, bultzatu egiten da norbanakoen partaidetza zergadun diren lurraldeko inbertsio ekosisteman. Egin klik hemen Crowdfunding Bizkaiako pizgarri fiskalen gidara sartzeko.

Une honetan Crowdfunding Bizkaian aktibo ditugun crowdfunding proiektuak ezagutzera gonbidatzen zaitugu.