2019. urtea aipatzekoa izan zen Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko enpresa-garapenari laguntzeko egindako apustuan.
Hala, Crowdfunding Bizkaian lehen inbertsio-txandak abian jartzeaz gain, Seed Capital Bizkaia 53 enpresa sortu berrirekin edo garatzen ari direnekin lankidetzan aritu zen, 2019an Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen hazi-kapitalaren sozietate honen finantza-laguntza jaso zutelarik. Laguntza hau funts-ekarpenaren eta proiektu berritzaileetarako mikrofinantza-programaren bidez zehaztu zen.
Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko diputatuaren hitzetan, “2019. urteak markak hautsi zituen. Inbertsioen maximo historikoetan egon ginen Seed Capital Bizkaiak aktibatutako tresna guztiekin; funtsak, gizarte-eragineko inbertsio-tresnak eta mikrofinantzaketa, iaz 4,2 milioi euro inbertitu genituelarik”.
Seed Capital Bizkaia tresna ahaltsua da, enpresa sortu berriei edo lehendik dauden enpresei hazten jarraitzeko finantzaketa alternatiboa lortzen laguntzeko sortua. Seed Capital Bizkaiaren zuzendari kudeatzaileak, Oscar Ugartek, zehaztu duenez I eta BI funtsek 9 eta 5 inbertsiorekin itxi zuten urtea, guztira 3 milioi euro inbertituz. Bestalde, Seed Capital Bizkaia Mikro mikrofinantziazioko programak 35 proiektu lagundu zituen 2019an, guztira 596.000 euro eta batez besteko mailegua 17.000 eurokoa izanik.
Seed Capital Bizkaiaren kasua bakarra da bai Estatuan bai Europan. Proiektu aitzindari honek finantzabide alternatibo bat eskaintzen du berrikuntza, inpaktu sozialeko proiektuak eta finantza-kateko talde ahulenak sustatu eta garatzeko. Hori guztia administrazio publikotik bertatik.
Izan ere, Seed Capital Bizkaiak EPSAren Best Practice ziurtagiria jaso du (Europako Sektore Publikoaren Sariak, EPSA, ingelesezko siglengatik). Honela, EPSA 2019k Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua administrazio publikoen gaur egungo erronkei erantzuteko konponbiderik sortzaileenetariko gisa saritu du.
Gizartean eragina duen inbertsioa
Seed Capital Bizkaiak bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren beste ekimen batzuekin, 2014. urtean, gizarte-berrikuntza duten enpresa-ekimenak sustatzeko eta finkatzeko arrisku-kapitalaren funtsa sortu zuen lehen administrazio publikoa izan zelarik. Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialerako Funts (FEIS) honen helburua gizartean zuzeneko eragina izatea eta, gainera, enplegua eta aberastasuna sortzeko iturri izatea da.
FEIS funtsa ekimena eta berrikuntza soziala sustatzen duten enpresei zuzenduta dago, betiere egoitza soziala eta ekoizpen-zentroa Bizkaian badaude. Balio sozial erantsiko proiektuak ditu ardatz, besteak beste, energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei laguntzea, garapenerako lankidetza, bidezko merkataritza eta abarreko sektoreetan.
Sortu zenetik, FEISen 1,5 milioi euroko inbertsioa egin da osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloko zortzi proiektutan. Eta 2019an, guztira 711.000 euroko bost inbertsio egin ziren, gainera, gizarteratzean162 enplegu sortu zirelarik.
Crowdfunding Bizkaia, ideia onetarako elkarlaneko finantzaketa
Crowdfunding Bizkaiak erakunde publiko baten lehenengo crowdfunding plataforma jarri du ekintzaileen eskura. Crowdequity plataforma honek ekintzailetzaren eta berrikuntzaren eta inbertitzaileen arteko lotura gisa funtzionatzen du. Hori guztia inbertsio-prozesu erraz baten bidez, hemen ezagutu ahal izango dituzun berme guztiekin.